1. Beste urtebetez memoriaren
zikloak hartu du hitza
zortzigarrengoz historiari
hautsak garbitzen gabiltza.
Fusilatuez, gerraz, gudariz
guztiez nahi dugu mintza.
Historia ez galtzea baita
bizikidetzaren giltza.
2. Aurten berriro telebistetan
zutik ikusi da Franco,
eta oraindik onartu gabe
dauzka milaka hildako.
Liburuetan ez dute utzi
lekurik biktimentzako,
baina atzo bizi izan zutena
ahaztu ez dadin biharko,
tapatu zuten errelatoa
herriak konta beharko.
3. Emiterio, Martzelo Lasa
edo ta Jesus Bujanda.
36an erail zituzten
fusilez tiro emanda.
Zenbat familik sufritu zuen
errugabeak izanda,
hargatik jaso herri honen partez
lore aña besarkada.
Injustiziak erreparatzen
hasi behar baldin bagara,
eman beharreko lehen pausoa
biktimez oroitzea da.
4. Oinarriturik bujandatarren
ta lasatarren hitzetan,
bideoz bildu dute jasana
herri honen mendietan.
Sarri esaten da dena libre da
maitasun eta gerretan,
baina herri hau bizi izan da
hain eskema ankerretan.
Nahiz eta antzerkiz adierazi
sufritua biktimek han
pentsa askozaz gogorragoa
izango zela benetan.
5. Bizi izandako dena
herri honen historian,
ez da errez esplikatzen
bost bertso eta erdian
zuenganako esker ona
utzi nahi dut agerian
ahanzturari golpe bat
jotze arren aurpegian,
izenik gabeko hainbeste
hezur daude hilobian,
izana galdu zutenak
Lizarrustiko mendian.
(bis) Izenik gabeko hainbeste
hezur daude hilobian,
mantentzen segi ditzagun
herri honen memorian.
MIKEL TAPIA AIERBE