Ataun, Gipuzkoako Goierrin kokatua, herri euskalduna dela ez dago zalantzarik, bertako euskara, gipuzkeraren barruan sartu behar dugu, baina mendebaldeko euskalkien ezaugarriak ere baditu, eta ez gutxi, zenbaitetan bi euskalki edo horien ezaugarriak elkarrekin bizi direlarik. Baieztapen honek ez gaitu harritu behar; izan ere, kontuan hartu behar dugu, batetik, kokapen geografikoa, Nafarroako mugan eta hor korridore handia zabaltzen da, Arabaraino, eta, bestetik, bertako biztanleek historian zehar Nafarroarekin izan duten harreman estua.
Esan berri dugu gipuzkera dela, nagusiki, bertako hizkera, goierrikoa, baina, hala ere, baditu bere berezitasunak, alboko herrietako hizkerarekin eta herrian bertan. Kanpotik ikusita bitxi samarra badirudi ere, batez ere herrian bertan horrelako aldaketak izatea, herria nolakoa den; hau da, orografia eta abar, kontuan hartzen badugu, hori ere normaltzat hartu behar dugu. Kilometro dezente dago auzo batetik bestera, garai bateko komunikazioak ez ziren gaurkoak, bizimodua ere ez, eta horrek, jakina, berezitasunak sortzen ditu. Aipatu ditugun alde horiek, Goierriko gainerako herriekiko aldeak, nagusiki doinuan, aditzean, deklinabidean eta lexikoan ematen dira, egia esan gero eta gutxiago, eta gero eta gorago joan behar da, geografikoki nahiz adinean, horietaz guztietaz jabetzeko. Honek ere badu bere azalpena, egun komunikazioak askoz era hobeak dira, bizimodua aldatu egin da..., eta ondorioaz, lana dela, ikasketak direla... askoz ere gehiago ateratzen da jendea kanpora, urte gutxiren buruan belaunaldi berriak galtzen ari dira oraindik urte asko ez dela hain nabarmenak ziren ezaugarri edo berezitasun horiek, baina, neurri handi batean bizitzako legea horixe da.
Hori tristea bada, are tristeagoa da, Ataunen, lagun, senide eta abarren artean erabiltzen dugun hitanoaren galera, bereziki emakumeen artean, mutilek eusten badiote ere, neskek ez, oso gutxi dira, adin jakin batetik beherakoak tratamendu hori erabiltzen dutenak, arrazoiak, gainera, ez du inolako funtsik, agian, lagun artean zuka erabiltzea dotoreagoa eta finagoa irudituko ote zaie gure herritarrei?.
Ondorengo azalpen honetan ez gara xehetasun edo ur handiegietan sartuko eta hainbat puntu, joskera, lexikoa... jorratu gabe utziko ditugu, batetik, oso luze joko ligukeelako, eta, bestetik, orri-kopurua ere handiegia izango litzatekeelako; beraz, gure iritziz ezaugarri nabarmenenak erakustearekin konformatuko gara. Beraz, irakurle, onena hemen irakurri duzuna, berriro diogu oso azterketa xume eta azalekoa, eta beste bitxikeria asko zeure belarriez entzun eta gozatzea izango duzu.
Ea ez ditugun herriko hizkera eta batua nahasten eta geure artekoan herrikoari, etxekoari, albait ondoen eusten diogun. Hala bedi!
|
|
|