Ataungo populazioren lehen zantzuak XI. mendekoak dira; ordurako bai baitzen zenbait oinetxe Lazkao eta Ataungo barrutian kokaturiko Agauntza ibaiaren arroetan. 1200. urterako San Martin eliza egoteak, data honen aurretik ere populazio-guneren bat izango zela pentsarazten du. XIV. mendearen bukaera arte, bertako biztanleria ibarrean bizi zela ikusten da garbi-garbi eta nagusiki Arrondoan eta Elbarrenan. XVI. mendetik aurrera, San Gregorio eta Ergoiena auzoak hasi ziren jendeztatzen Agauntza ibaiaren bideari jarraiki. Azkenik, XVII. eta XVIII. mendeen artean Aia auzoa jendeztatu zen. Era honetan iritsi zen Ataun XIX. mendera; jendeztatze-mailarik altuena lortu zuen garaira.
IX. mende inguruan hasi zen zabalkuntza, 10 mendetan zehar zabaldu zen XIX. mendearen bigarren erdira arte. Epe luze honen barruan Ataun jendez bete zen. Jatorrizko gunea zen San Martindik abiatuz, jendeztaturiko gunea zabalduz joan zen poliki-poliki Agauntza ibaiaren ibarrean barrena, nekazaritzarako lur berriak erdietsi ahala. Ibaiaren ertzetatik eta norabide ezberdinetan, haran txikien bideari helduz, abiatu ziren biztanleak beren baserriak eraikitzera nekazaritzarako edota animalien bazkarako egokiak ziren tokietan. Abeltzaintzak garrantzia handia lortu zuen Ataungo nekazaritzaren barruan. Prozesuak XIX. mendearen erdialdean lortu zuen bere goieneko unea.
Une hartatik aurrera garapen-aldi berria hasi zen; gorabehera askoko populazioaren beheranzko joera, hain zuzen ere. Joera hau, gaur egun arte mantendu da.