Joxemiel Barandiaran Aierbe (XX) : Antropologoa eta etnologoa. 1889ko abenduaren 31n Perunezarre baserrian jaio eta 1991ko abenduaren 21ean Sara etxean hil zen 102 urte egiteko hamar egunen faltan. Apaiz ikasketak Gasteizko Seminarioan egin ondoren 1914an ordenatu zuten. Bere lan haundienak historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanak izan ziren: Aitzbitarte, Santimamiñe, Lezetxiki, Urtiaga, Altxerri, Ekain, Aralar, … Euskal Herriko gizakiaren jatorriaz hainbat ikerketa egindakoa. Mitologia arloan erabat galtzeko zorian zeuden ohitura, sinismena, leienda eta kontu zaharrak jasotzen eta biltzen saiatu zen. Horri esker ezagutzen dira gaur egun. Haren lanetariko batzuk: Eusko Mitologia (1924); Euskalerriko leen gizona (1934); Antropología de la población vasca (1947). Bizitzan zehar egindako lan guztiak OBRAS COMPLETAS izeneko liburukietan aurki daitezke.
Espainiako Gerra Zibila sortu zenean Iparraldera ihesi joan beharra izan zuen. Berehala itzuliko zen itxaropena bazuen ere, agintarien fitxan “ideas judeo-masónicas y rojo-separatista” salaketa zuela jakin zuenean, etsi eta Iparraldea miatzen eta aztertzen ihardun zuen eten gabe.
Aldizkariak sortu, materiala bildu eta taldelanaren bultzatzailea izan zen. Eusko Ikaskuntza elkartearen lehendakari.
Bizitza osoan egindako lana eskertzeko, Euskalerrian eta kanpoan ere makina bat omenaldi, domina, goraipamen eta oroigarri jasotakoa, bai erakunde eta elkarteengandik, baita herritarrengandik ere. Hamaika ikastetxe, kale, plaza, liburutegi, eta eraikuntza publikok bere izena dauka.
Hainbat unibertsitateko “doctor honoris causa”. Euskara eta euskalgintzaren bultzatzailea.
Berak zioenez, 64 urterekin zahartuta itzuli bazen ere Atauna, harrezkero bai indusketan eta baita ikerkuntzan ere lan asko egin eta argitaratu zuen.
San Martin Txiki: Mitologiko edo benetako den ez dakigun pertsonaia miresgarria. Musiko kobatik, Jentilei, garia, zerra eta beste hainbat aurrerapen eskuratu eta ekarri omen zizkiguna.
Pedro Ortiz Telleriakoa (XVII) : Ataun herri izatearen alde egin ahalak eta bi egin zituena. Lazkaoko Etxearekin maiz ibili zen auzitan, herritarren eskubideak zaintzearren.
Frantzisko Imaz Altolagirre (XVIII): Zumalakarregi generalaren osaba. Katalunyako eta Mallorkako Tabako -Errentaren Administratzaile Orokor izan zen.
Felipe Altolagirre Zufiria (XVIII): Erregeren kontseilari eta Indietako Kontatzaile Orokor.
Migel Dorronsoro Zeberio (XIX): Karlistada garaian Diputatu nagusi eta historiagile. Lanbidez eskribau.
Miguel Imaz Apalategi (XX): (1873-1925) Donostiako eraikuntza nagusienen egile: Maria Cristina Hotela, Justizia Jauregia, Zurriolako Zubia, Kursaal Kasinoa, Victoria Eugenia Aretoa, Pasealeku Berria, etabar.
Eraikuntza hauen egilea izateak, Donostiako hirian eta gizartean arrakasta eta sona haundiko gizona bihurtu zuen
Juan Arin Dorronsoro (XX): Ataungo historia, toponimia eta etnologia biltzailerik haundiena. Bere lanak “Eusko Folklore”, “Ikuska” eta “Eusko-Jakintza” aldizkarietan argitaratu zituen. Clero y Religiosos en Ataun (1964) liburua idatzi zuen.
Manuel Apalategi Zurutuza (XX): lrakasle, idazle eta misiolaria. Zeruko Argia, Irugarren Prantziskotarra eta Boletin del Instituto Americano de Estudios Vascos eta beste aldizkari batzuetako zuzendari eta sortzaile izana. Argentinan bizi izan zen berrogei urtez.
Jexux Etxeberria Arrondo (XX): Euskalerriko antikuariorik handiena izan zen. 114 bilduma baino gehiagoen jabea. Bere herriko zaharkinekin sentsibilitatea haundia zuen eta bere bizitza guztian Euskalerriko gauzak bertan gel zitezen ahalegindu zen. Amerika eta Europan entzute handiko zaharkin bildumatzailea.